"Euskaraldia" ekimena aurkezteko bilera irekia egingo da otsailaren 28an udaletxeko areto nagusian

2018/02/23
Card image cap
Hizkuntza ohituren aldaketan lan egitea helburu duen egitasmoa antolatzeko taldea osatu nahi da

  Euskaltzaleen Topaguneak eta Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailak bultzatuta, Euskal Herri osoa hartuko duen ekimen zabala da EUSKARALDIA. Eguneroko hizkuntza ohituretan eraginez, euskararen erabilera areagotzea du helburu. Ildo horretan, 11 egun euskaraz izeneko erronka jarri da mahai gainean. Hala, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskara ahalik eta gehien erabiltzeko apustua egingo duen herritar sare zabala, ahalik eta zabalena, aktibatu nahi da.

  Egitasmo honek hiru helburu orokor ditu: hizkuntza inertziak apurtu eta euskararen aldeko harrera sinbolikotik, urrats praktikoetara igarotzea; pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatu, egunerokoan eraginez; eta tokian tokiko euskaltzaleen sareak berraktibatu eta indartzea.

  Asteazkenean, 18:30tan udaletxeko areto nagusian egingo den bileran azalduko da ekimena zertan den, eta egitasmoa Oñatira egokitzeko eman beharreko urratsak zein diren. Herritar guztiak daude gonbidatuta.

  Oñatin bezala, beste herrietan ere Euskaraldiaren berri ematen ari dira, zabalik baitago ekimenarekin bat egingo duten herriek izena emateko epea, apirilaren 8ra arte. Euskalgintzaren eta erakundeen arteko mahaiak eratu asmo dira eta irailetik aurrera jada, herritarren txanda iritsiko da, herri bakoitzaren araberako ekimenak zehaztu eta antolatzeko. Baina guzti honen berri asteazkeneko bilera irekian emango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!